Juan de Fuca plaka
Juan de Fuca plaka Ipar Amerikako plakaren mendebaldeko ertzaren iparraldean subduzitzen den plaka tektoniko bat da. Juan de Fuca esploratzailearen izena darama. Hegoaldean, San Andres failarekin muga egiten du, eta, mendebaldean, Pazifikoko plakarekin. Juan de Fuca Plaka, hiru zatitan apurtu zen. Horietatik, erdialdeko zatia da Juan de Fuca izena daramana, hegoaldekoa, Gorda Plaka eta, iparraldekoa, Esploratzailearen Plaka deitzen diren bitartean, Nazcako plakarekin eta Cocosko plakarekin batera, Juan de Fuca plaka da Farallon plakaren azken hondarretako bat.
Plaka honek, subduzitzean, Kaskadiako sumendi katea eratu du, Ozeano Bareko Suzko Eraztunaren zati dena, Ipar Amerikaren mendebaldeko kostaldearekin batera, Britainiar Kolunbiatik (Kanada) Kalifornia iparralderaino (Ameriketako Estatu Batuak).
Juan de Fuca plakan egon zen azken lurrikara handia Kaskadiako lurrikara izan zen, 9. mailakoa. Japoniako artxibategiak aztertuta, 1700eko urtarrilaren 26an gertatu zela ondorioztatu da.